2014/11/03

Sentimenduak

Nora Kortaberria Bilbao
"Pertsona baten barneko alderdi afektiboa. Tristura, poza, maitasuna, gorrotoa, samurtasuna etab. dira sentimenduak.

Horixe dio hiztegiak sentimendu hitza aurkitzean idatzita dagoen testu zatitxoko lehenengo puntuak. Baina benetan hori al da sentimenduen definizio egokia? Erosketak  egitera egunero joaten den agureak baietz esango du, lanera autobusez joaten den emakumeak ezetz eta eskolan hasi berria den haurra, berriz, dudatan egongo da. Beraz, batek daki!

Bistan da sentimenduen esanahia oso irekia dela. Norberak uneoro sentitzen duen, baina, aldi berean, momentu batetik bestera alda daitekeen sentitzeko moduak batzen dituen, hitza baita.

Autobusean tente  doan emakumeak logura senti dezake, eta nekea, aldi berean. Oraingoan gainera, are gehiago,  sartu denean eserleku bat bera ere libre ez dagoela konturatu baita. Une horretan etsipena sentitu du. Nolanahi ere, ez zaio ahaztu gaur lanean hiru hilabetez ilusioz itxaron duen proiektu berri bat aurkeztera datozkiola.

Gerra

Maddi Astigarraga
Denboran atzera eginez gero, gerra hitza behin eta berriz agertzen da. Historian zehar ugariak izan dira herrialdeen arteko gudak, bai eta herrialde barrukoak ere. I.  eta II. Mundu Gerrak, Trafalgarreko gudua, Espainiako Gerra Karlista, ... 

Baina zer dira gerrak? Gizakiak bi talde edo gehiagotan bananduta eta helburu zehatz batekin elkarren kontra egindako borroka edo lehia antolatuak dira, gehienetan armekin burutuak.

Guda bat arrazoi ezberdinen eraginez hasten da. Zenbaitetan, ideologia, erlijio edo gobernatzeko moduak babestu edo inposatzeko. Beste batzuetan estatu nahiz inperioa handitzeko nahiarekin. Baita lehendik lortutako zenbait babestearren ere; eskubideak, esaterako.