2014/11/03

Gerra

Maddi Astigarraga
Denboran atzera eginez gero, gerra hitza behin eta berriz agertzen da. Historian zehar ugariak izan dira herrialdeen arteko gudak, bai eta herrialde barrukoak ere. I.  eta II. Mundu Gerrak, Trafalgarreko gudua, Espainiako Gerra Karlista, ... 

Baina zer dira gerrak? Gizakiak bi talde edo gehiagotan bananduta eta helburu zehatz batekin elkarren kontra egindako borroka edo lehia antolatuak dira, gehienetan armekin burutuak.

Guda bat arrazoi ezberdinen eraginez hasten da. Zenbaitetan, ideologia, erlijio edo gobernatzeko moduak babestu edo inposatzeko. Beste batzuetan estatu nahiz inperioa handitzeko nahiarekin. Baita lehendik lortutako zenbait babestearren ere; eskubideak, esaterako.


Bando bakoitzean pertsona kopurua ez ezik, teknika, taktika eta baliabideak ere erabakigarriak dira irabazle edo galtzaile izateko. Bitarteko horien artean, lehengaiak, armak, sendagaiak, elikagaiak eta baliabide ekonomikoak aurkitzen dira, besteak beste. Azken urteetan espioitzak ere garrantzia hartu du. Arrazoi horiengatik, gerra garaian zientzia eta teknologiak bultzada handia izaten dute.

Taldeetako batek bestea garaitzean edo euren artean bakea sinatzean amaitzen da guda. Baina galtzaile ateratzen den bandoa edo bandoak ez dira galerak jasaten dituzten bakarrak, izan ere, talde guztiek
pairatzen dituzte borrokaren eraginak. Gehienetan, jende asko hil eta zauritzen da, gose garaiak izaten dira eta, higienea ere bigarren mailako beharra bilakatzen da, modu horretan gaixoak areagotuz. Horregatik, gerra garaietan biztanleriak behera egiten du.

Laburbilduz, arrazoi ezberdinen ondorioz, giza talde ezberdinen artean sortutako lehia da gerra, eta hainbat faktoreek garfaipena lortzen lagundu arren, gizarteak galdera handiak sufritzen ditu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina